XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azaroaren 21eko 17/1997 Legea, Itsu-txakurrena. (Osoko Bilkuraren erabakia) (05/09.01.00.0026)

Eusko Legebiltzarraren Araudian xedatutakoaren arabera eta 1997ko azaroaren 21eko ohizko osoko bilkuran hartutako erabakia gauzatuz, agintzen da Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitara dadila azaroaren 21eko 17/1997 Legea, Itsu-txakurrena.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,Joseba Andoni Leizaola Azpiazu.

M.ª TERESA RODRIGUEZ BARAHONA EUSKO
LEGEBILTZARREKO MAHAIKO LEHEN IDAZKARIAK

ZIURTATZEN DUT:

Eusko Legebiltzarrak, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hogeita batean balio osoz egindako osoko bilkuran, arauzko tramiteak bete ondoren, onetsi egin du azaroaren 21eko 17/1997 Legea, Itsu-txakurrena, honekin batera doan eranskinean hitzez hitz ematen den testuarekin.

Eta horrela jasota gera dadin, eta gauzatzeari begira, ziurtagiri hau egiten dut Eusko Legebiltzarreko lehendakari jaun txit gorenaren oniritziarekin, Vitoria-Gasteizen, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hogeita batean.

Mahaiko lehen idazkaria, M.ª Teresa Rodríguez Barahona.

Oniritzia, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Joseba Andoni Leizaola Azpiazu.

ZIURTAGIRIAREN ERANSKINA

AZAROAREN 21EKO 17/1997 LEGEA, ITSU TXAKURRENA.

ZIOEN ADIERAZPENA

Euskal Autonomia Estatutuaren 10.12 atalean jasota dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoak aginpide osoa du gizarte-laguntzaren arloan.

Dena den, gai horren inguruan, kontuan izan behar da Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzko Legeak esaten duenaren arabera, lurralde historikoetako foru-organoen eginkizuna izango da, bakoitzak bere lurraldean jardunda, aginpide hori betearaztea.

Bestalde, Euskal Estatutuaren 9.2 atalean esaten denez, euskal aginte publikoen eginkizuna izango da, bakoitzak bere aginpideen barruan jardunda, norbanakoaren eta taldeen arteko askatasuna eta berdintasuna lortzeko badintzak bultzatu eta oztopoak kentzen saiatzea, askatasun eta berdintasun hori eraginkorra eta benetakoa izateko.

Era berean, herritar guztiek Euskadiko politikan, ekonomian, kulturan eta gizartean parte hartzea ere erraztu behar dute botere publikoek, eta hori guztia Konstituzioan esaten denaz bat.

Izan ere, Konstituzioan jasota dagoenez, gizarte-politika gidatuko duten printzipioetako bat urritu fisiko eta sentsorialak integratzea eta babestea da, hain zuzen ere gainontzeko herritarrek dituzten eskubide berak izan ditzaten.

Esandako guztiagatik, euskal erakundeek, aspaldidanik, hainbat ekintza burutu dute gizarte-integrazioko politika eraginkorra lortu ahal
izateko.

Horren erakusle ditugu maiatzaren 3ko 2/1990 Legea, Gizarteratzeko Gutxieneko Dirusarrerei buruzkoa, edo urriaren 18ko 5/1996 Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, biak ala biak ere lehen pausoa gizarte-laguntzaren arloan politika orokorra aurrera eramateko.

Era berean, eta gizarte-laguntza lan-esparru zabala dela kontuan izanda, zenbait ekintza burutu dira urritu fisiko edo sentsorialekiko bereizkeria ahal den neurrian desagertarazten saiatzeko.

Horren froga ditugu 1981eko martxoaren 23ko 59/1981 Dekretua eta abenduaren 19ko 291/1983 Dekretua, arkitekturak eragindako oztopoak kentzeko araudiari buruzkoa.

Urritu fisiko eta sentsorialak gizartean benetan integratzeko eta horien aldeko bereizkeria positiboa egiteko helburua duen araugintza horren ildo berekoa da oraingo lege hau, eta azpiegitura sozialik ez izateagatik sortutako trabak kentzea baldin bazen asmoa orain arte, lege honekin gizartea sentsibilizatzeko nahia ere badago, sarritan urrituei beren eskubideak benetan aurrera eramaten galarazten dielako gizarteak; oraingo honetan ikusteko arazoak dituztenez ari gara.

Aipatu ditugun helburuak direla eta, lege honekin bi lortu nahi dira: batetik, arlokako araudia bateratu nahi da, batasunik gabe egon delako orain arte.

Araudi batek ikusteko arazoak zituzten pertsonek itsu-txakurrak erabiltzeari zegokiona arautzen zuen, eta beste batek animalia horiek bete beharreko higiene- eta osasun-baldintzak.